XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Garai batean protagonismo handiagoa izan zuten. Oraingo euskaldunberriak: asko, baina fama gutxiagokoak

Tradizioz, euskaldunberri askok hezkuntzaren munduan bilatu du gero bere txokoa.

ETBko berrogei berri-emaileetatik, dozenaren bat da euskaldunberri.

1975ean, Euskaldunberriekin euskaraz liburua eman zen argitara eta orain, hamabi urte pasa eta gero, garai batean zer nolako munstro euskaldunberri sortu ziren ikus dezakegu: batzu idazleak: Norbert Tauer txekoslobakiar poeta eta artikulugilea, Jon Mirande, Gabriel Aresti, Txomin Peillen eta Federiko Krutwig, beste batzu hiztegigileak: Piarres Lafitte eta Xabier Kintana; son haundiko irakasleak ere bai: Endrike Knorr, Karlos Santamaria eta Juan Antonio Letamendia; hizkuntzalariak ere bai: Txillardegi, Karmele Rotaetxe eta Andolin Eguskitza; eta kantari famatu bat ere bai Oskorri taldeko Natxo de Felipe.

Jon Juaristi idazlea ere azaltzen zen euskaldunberri famatuen eskaparate hartan.

Gizon polifazetikoak

Mundua ez da gelditzen eta inor ez da betiko.

Norbert Tauer eta Piarres Lafitte hil ziren eta bada beste bat ere planto egin duena, euskararen munduari muzin egin diona, zerrenda horretako azkena, hain zuzen, Jon Juaristi.

Orain denbora asko ez dela idatzi duen poema bati kasu egin ezkero, ez du gehiago euskaraz egingo.

Auskalo, dena den, betetzen duen amenazoa.

Gizon polifazetikoak zerrenda horretakoak, gaur artikulu bat idatzi, bihar hizkuntz azterketaren batekin segi eta etzi poema edo nobela bateko kapitulu bat egiten zituzten horietakoak.

Ordutik hamabi urte pasa eta gero, batek hartzen du inpresioa azken urteotan horrelako munstro-rik ez dela gehiago sortu.

Gazteagoei ailegatu zaie txanda euskal literaturan, gazteago diren batzu ere hasi dira komunikabide eta hezkuntzaren munduko postuak betetzen eta ez da inon ageri izen haundiko euskaldunberri berririk.

Ez da seinale txarra, seguru aski: euskaldunzaharrek galdutako protagonismoa eta utzitako hutsune hori askotan euskaldunberriek bete behar izan zutena, horrelako ezaugarriak zituen aro arraro hori bukatzen ari den seinale.

Aspaldiko fenomenua da euskaldunberriena.

Euskararen inguruan lanean hasi ziren lehen hizkuntzalariek ez zekiten euskaraz: Wilhelm von Humboldt, Louis Lucien Bonaparte printzea, Van Eys holandarra, Schuchardt, Vinson, Webster, Dogson, Uhlenbeck eta abar.

Gerora zerbait ikasi zuten, baina, jeneralean, ez normal hitzegiteko lagin.

Ondorengo euskaltzale batzu ere euskaldunberri tipikoak izan ziren: Arturo Kanpion, Sabino Arana, Miguel de Unamuno eta Julio Urkijo, esate baterako.

Euskara ikasi eta gero, euskara-irakasle

Azken urteotan sortu dira, bai, euskaldunberriak, baina gero euskal intelligentsia-ra ailegatu ez diren euskaldunak ditugu.

Euskara ikasteko motibazioak aldatu egin dira azkenaldi honetan, eta geroz eta gehiago dira beren behar profesionalek hau da, lanaren beharra eraginda hizkuntza hau ikasten hasi direnak.

Geroz eta gehiago, Magisterio egindakoak eta bestelako irakasleak dira, langabeziaren mamuak ikaratuta, euskaltegiko atetik sartzen direnak.

Beren lantokietan dagokien asignatura euskaraz irakasteko lagin ikasten dute eta batzu Euskal Herriko beste mirari bat euskara-irakasle ere bihurtzen dira, baina gero euskal mundu barruan gehiegi nabarmendu gabe.

Tradizioz, euskaldunberri askok hezkuntzaren munduan bilatu du gero bere txokoa.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 83 goi eta erdi-teknikari ditu.

Horietatik, 59 dira euskaldunak, eta 59 hauetatik 15 dira euskaldunberri.

1982-83 ikasturtean finkatu zen behar bezala IRALE programa.

Gipuzkoari dagokionez, orain artean 545 irakasle gehienak OHOko maisu-maistrak liberatu izan dira euskara ikasteko eta pentsatzekoa denez, horietako asko bihurtuko ziren euskaldunberri.

Aurten 124 irakasle ari dira probintzia honetan beren burua euskalduntzen Hezkuntza Saileko IRALE programa horren barruan.

Lehen esan bezala, ez dira gutxi euskara ikasi ondoren euskara-irakasle bihurtzen direnak.

Gipuzkoako IRALEn, esaterako, guztira 17 irakasle dira, eta honetatik 4 euskaldunberri.

HABEren sare barruko udal-euskaltegiak mordoska dira Gipuzkoan, iaz guztira hor 137 irakasle enplegatu zirelarik.

Giza-talde horretan nahiko kontuan hartzekoa zen euskaldunberrien portzentaia: ehuneko 13.

Dena den, porzentaia altuagoak gertatzen dira itzultzaileen artean.

Iaz inkesta bat egin zuen Donostiako Itzultzaile Eskolak Euskal Herri osoan itzulpen lanetan ari diren profesionalen artean eta 86 lagunen erantzunak lortu ere bai.

Horietatik, ehuneko 21ek esan zuen familiaz ez zela euskalduna eta gaztaroan edo beranduago ikasi zuela euskara.

Probintziaka, Bizkaiko itzultzaileen artean askoz haundiagoa da itzultzaile euskaldunberrien portzentaia: ehuneko 43.

Baina hauek ere itzulpengintza barruan ohorezko posturik lortu ez duten pertsonak dira.

Oraindik ere, prestijio haundiena duten itzultzaileak euskaldunzaharrak dira.

Mintegi, Santisteban, Montoia, Hdez. Abaitua

Momentu honetan, euskaltzain osoen artean, euskaldunberri tipikotzat Federiko Krutwig, Endrike Knorr eta Xabier Diharce Iratzeder bakarrik har badaitezke ere, badira beste batzu euskaldun berritu edo ikasitzat jo ditzakegunak, hau da, familia euskaldunetan jaiota, hizkuntza galdu eta berriro eskuratu behar izan zutenak.

Adibidez, Aita Villasante bera eta Koldo Mitxelena.

Baina lehengora gatoz: aspaldiko munstroak dira.

Idazleak.

Hauen artean badira talentuzko 3 batzu gazteago direnak.

Publiko eta kritikaren aldetik harrera onena izan duena, behar bada Laura Mintegi, 1955ean jaioa Lizarran eta hamazazpi urterekin euskaldundu zena.

Beste batzu: Mikel Hernandez Abaitua, Paulo Sastre, Karlos Santisteban, Seve Calleja, Xabier Montoia, Omar Navarro, Eukene Martin, Kepa Fernandez de Larrinoa, Iñigo Barandiaran... Horietako gehienak Susa taldearen inguruan dabiltza.

Izarrak euskaldunzaharrak dira oraindik.

Antzeko zerbait gertatzen da komunikabideetan: ez dago izar euskaldunberri distiratsurik.

ETBko aurpegi euskaldun famatuenak euskaldunzaharrak dira, baina berriak ez dira gutxi: informatibo eta kiroletako berriemaileak 40 izanik, dozenaren bat euskaldunberri da: Josu Sergio Cepeda, Itziar Mena, Begoña Zubieta, Josi Basterretxea, Rosa Diez Urrestarazu, Xabier Meaurio, Gerardo Puente, Jorge Cerrato, Argiñe Areitio, Rosa Martin eta Pili Cereceda.

Jose Maria Gorordo EITBko Zuzendaria ere hasi zen euskara ikasten eta, segitzen badu, berori ere kategoria honetan sartzea izango dugu.

Gipuzkoako komunikabide idatzietan askoz gutxiago dira: bakarren bat Egin-en, pare bat Hemen-en, inor ez Argia-ko erredakzio finkoan.

Beste hainbeste irratietan: Euskadi Irratiko berri-emaileetan bat baino ez da euskaldunberri: Manu Narbaez.

Donostia eta Loiolako Herri Irratietan, izatekotan, bakarren bat.

1975ean kaleratu zen liburu hau.

F. IBARGUTXI.